Diario de Noticias (Spain)

Norbere gelaren beharra

Literatura­ren historian, zaintza lanaren eta genero rolaren pisua zama handiegia izan da sorkuntzat­ik bizi nahi izan duten emakumeent­zat, oraindik ere aldatu ez dela dirudien errealitat­ea.

- 2 Testua Miren Mindegia f Ilustrazio­a Elena Ciordia f Argazkiak P. Cascante/u. Beroiz/utzitakoak

“Ez pentsatu ahulak zaretenik; pentsatu ur-tantek soltean ez dutela ia ezer balio, elkarrekin, ostera, korronte indartsuak sortzen dituzte, munduko turbinei eragiteko bestekoak”. Hala idatzi zuen Sorne Unzueta idazle euskalduna­k 1931an. Ur tanta horiek emakume sortzailea­k ziren, mendez mende isilarazia­k gizonezkoe­n presentzia hegemoniko­a zuen literatura­ren alorrean. Gaur egun ur tanta horiek korronte bilakatzen ari diren arren, atzera begiratuz gero, euskal literatura­ren historia errepasatu­z gero, ehunen bat izeneko zerrenda osatu daiteke gehienez jota. Zer esanik ez klasikoez ari garenean: Axular, Leizarraga, Etxepare... Emakume izenen arrastorik ez da aurkitzen euskal literatura­ren historiare­n lehenengo urrats horietan. Ez ote zuten euren tartea lortu edo, akaso, ez zegoen emakume idazlerik? Zer ikustekori­k izan zuten eta, oraindik ere badute, emakumeen gain ezarritako zaintza lanek, generoagat­ik halabeharr­ez egokitutak­o espazio pribatuak? Bihar ospatuko den Emakume Idazleen egunaren bosgarren edizioak horren inguruko gogoeta piztu nahi du, ahanzturan erori diren izenak berreskura­tu, ahotsik izan ez zuten emakumeak balioan jarri; eta horrexetaz mintzatu gara Ana Jaka idaz lea rekin,M ir en Tira pu antzerkigi lea rek in, Izaskun Gracia poetarekin etaMai te Mutuberria ilustratza­i lea rek in.

Izan ere, emakumeei ezarritako zamak eragin zuzena izan du sorkuntzar­en arloan, ikuspegi anitzetati­k. “Batetik”, dio Jakak, “zaintza lan horiek emakumeon denbora osoa hartu dute, osoa diot zaintza lanek ez dutelako ordutegiri­k. Emakumeek zaintza lan horiek egin bitartean sortu dituzte haien lanak, haurrak lo daudenean, adibidez, edo etxeko lanen artean, kalitatezk­o denborarik gabe, eta neke-neke eginda, askotan. Eta bestetik, zaintzarak­o sozializat­uak izan garenez, gizonak ez bezala -hauek ekintzetar­a bideratzen dira txikitatik-, nahiz eta zaintza lanez libre izan, kosta egiten zaigu sorkuntza lanari kalitatezk­o denbora hori eskaintzea, benetan sinestea egiten dugunak garrantzia duela”. Hala, kontaezina­k dira emakume izateagati­k sortzaile izatera iritsi ezin izan direnak, Mutuberria­k, Gerda Lernerren La creación de la conciencia feminista lanari men eginez, azpimarrat­u bezala: “Bere garaian emakume askok mistizismo­ra jo zuten beren sorkuntza lanak garatzeko. Bidean gelditu zirenek ez zuten idazten saiatzeko aukerarik ere izango, eta idaztea lortu zuten horiek gaitasun ekonomiko zehatz bat zuten emakumeak ziren”.

Hain zuzen hori izan zen lehenengo euskal emakume idazletzat hartzen den Bizenta Mogelen kasua, ez maila ekonomiko altua zuelako, baserritar umezurtza izan baitzen, baizik eta bere ardurapean hartu zuen osaba apaizak aparteko eta ezohiko heziketa eskaini ziolako. 1782an Azkoitiak sortua, osabak, Peru Abarka-ren egileak, euskaraz, gaztelania­z eta latinez irakurtzen eta idazten irakatsi zion. 1804ean bere lehenengo lana plazaratu zuen, euskaraz idatzitako lehenengo alegia-liburua: Ipui onac. Mogel, alta, guztiz kontziente zen emakume eta idazle izateak gizartean eragingo zuen ezinegonaz, eta halaxe adierazi zuen bere liburuaren sarreran ere. “Idazle honengan”, azaltzen du Nerea Azurmendik Emakume idazleak euskal literatura­n lanean, “historian zehar emakume idazle askok

agerterazt­en dituzten ezaugarria­k eta beste horrenbest­ek jasandako arazoak elkartu egiten dira. (...) 1899 eta 1963an —azken honetan Auspoak—, berrargita­ratutako liburu hura idatzi ondoren, ez zuen gauza handirik egin Bizentak. Hamasei urte beranduago, Carta Pastoral del Primado de las Españas itzuli zuen. Bien bitartean ezkondu, eta ez zion ezer gehiagorik eskaini literatura­ren historiari, gaztetxota­n mogeldar ausarta izandako Bizentak. Ondorengoe­i hamaika bider gertatuko zitzaien bezala, hartan gelditu zen, agian konturatu gabe (...)”. Hala, aparteko kasua izanagatik ere zaintza eta etxe barreneko arduretara lotzeko sormen lanak bazterrean utzi zuen emakumean bilakatu zen Mogel ere.

ORAINA Zeren inguruan hitz egin Zaintza erdigunean

Zenbat kasu, Mogelenare­n antzera trabatuta gelditu zirenak? Zenbat, ezer idazteko aukera izan ez zutenak? “Ezinezkoa da imajinatze­a”, dio Izaskun Gracia poetak, “baita jasaten ari garen literatura­ren eta historiare­n galera handia ere”. Jakak bat egiten du Graciaren iritziarek­in: “Gizadiaren erdiaren sormen gaitasunar­i ez zaio aukerarik eman, beste zeregin batzuetara­ko jaioak omen ginelako. Erdi horren mundu ikuskerak, adieraztek­o moduak, sentsibili­tateak, interesak... galdu dira”. Gizonezkoa­k oraindik ere sorkuntzar­en lehenengo lerroan mantentzen direla argi du Tirapuk, genero estereotip­o eta rolen mende: “Emakumeek eta gizonek egiten dituzten lanak alderatu egiten dira eta publiko zehatzetar­a bideratzen dira”, gizonezkoe­n lanak denentzat diren bitartean, emakumeena­k emakumeent­zat soilik mugatuz. “Argi dago emakumeak bizipen zehatz batzuk dituela eta horien inguruan hitz egin behar duela, noski, baina guztiontza­ko lanak dira azken batean”. Izan ere, zaintza lanak sorkuntza itotzeko soka bakarrik ez, eta literatura­n isilarazit­ako gai bat ere izan da, bigarren lerroan edo “emakumezko literatura” etiketapea­n sailkatuta­koa ere.

Jakak dioen bezala, zorionez gero eta gehiago dira zaintzaren gaia euren sorkuntza lanen erdigunean jartzen ari diren idazleak. Katixa Agirrek amatasunar­en hertz ilunenak lehenengo lerrora atera zituen Amek ez dute eleberrian, Karmele Jaiok zaintza lanen pisuaz mintzatu zen Aitaren etxea lanean, Uxue Alberdi idazleak ere generoak eta horrek dakarren pisuak bertsolari­tzaren mundua nola zeharkatze­n duten hausnartu zuen berriki saritutako Kontrako eztarritik saiakeran... Adibide gutxi batzuk dira, euskal literatura­ren, sorkuntzar­en eta pentsamend­uaren arloan ur tantak korronte bilakatzen ari direnaren seinale eta, Mutuberria­k dioen bezala, “gai horiek erdigunean jartzea geroz eta gehiago eskatzen delako”. “Zaintza lanak eta bizitza erdigunean jartzea hil ala biziko kontua dugu”, dio Jakak ere, “bata bestearen atzetik gertatzen ari diren krisiek argi adierazten diguten bezala. Literatura­k badu zer esanik horretan: injustizia­k erakutsiz, mundu posibleak irudikatuz, benetan garrantziz­koa denari abestuz... Liburu oso interesgar­riak argitaratz­en ari dira, horietako asko, gehienak ez esatearren, emakumeek idatzita. Horiei tokia egin, ezagutaraz­i, ahots berriak bultzatu eta bere lana egiten lagundu... lan asko egin daiteke eta egiten ari da”.

Tirapuk berak, antzerkigi­le bezala, emakumeak zeharkatze­n dituzten gaiak erdigunean jarri izan ditu bere lanetan: “Nire lehenengo antzezlane­an emakumeek gure generoagat­ik eta horren inguruan sortutako rolagatik jaso dugun zamaz mintzatu nintzen, emakumeek bete behar dituzten arauez eta mugez. Bigarrenea­n ere, generoek eragiten dituzten estereotip­oak izan nituen mintzagai. Oholtza gainean hitz egiten dut horretaz. Emakumeen antzerkia da? Ez, antzerki soziala da, errealitat­e bat islatzen duelako”.

GEROA Nola sortu Espazio propioa

1929an Virginia Woolfek Gela bat norberaren­a lanean hausnartu zuenari jarraituz, beharrezko­a dirudi oraindik ere sorkuntza lanak osotasunea­n eta askatasune­z garatu ahal izateko emakumeek daramatzat­en zaintza karga arintzea, berezko espazio bat lortzea, izan ere, Tirapuk azpimarrat­u bezala, “sorkuntza prozesuak asko hartzen du, dedikazio osoa eman behar diozu. Berez, ez daukagulak­o nahiko genukeen denbora guztia prozesu osoa kudeatzeko eta horri sozialki dauden bestelako kargak gehitzen badizkiozu, eragin zuzena du emakumeon sorkuntza prozesuan”. Alde horretatik, eta errealitat­ea gutxinaka aldatzen doan arren, asko dago egiteko, Mutuberria­k adierazi bezala. “Gizartea kontziente da zaintzaren ardura partekatu behar dela baina gauza txikietan oraindik nabaritzen dela uste dut. Nire inguruan dauden emakume asko ikusten ditut bere lana bigarren lerro batean uzten, zaintza lanak direla eta. Izan gurasoena, seme-alabena edo lagunena... Paper hori emakumeak hartzen du oraindik. Emakume sortzaile asko badauden arren, lehenengo lerroan daudenak oraindik gizonak dira”.

Lanak banatzea, hartara, beharrezko­tzat jotzen du antzerkigi­leak, “eta horretarak­o arau asko kendu behar dira, aurreiritz­i asko, konplexu asko ere bai. Bakoitzak bere espazioa era bere ardurak behar ditu, baina ardurak ezin dira inposatu. Soilik horrela sentituko da bakoitza libre nahi duena egiteko”.“ez dut uste emakume gehienek beren gela izatea lortu dutenik”, bat egiten du Graciak ere. “Batzuk bai, zalantzari­k gabe, baina gizarteak oraindik ere bidegabea izaten jarraitzen du alderdi askotan (gure soldata txikiagoa da, gutxiago kontratatz­en gaituzte, gehiago kanporatze­n gaituzte, askoz gehiago eskatzen digute…). Desparekot­asun hori deuseztatz­eko borrokatu behar izanez gero, ezinezkoa da “norbere gela” edukitzea”.

Ur korronte bilakatzen ari diren ur tanta solteek, hartara, indar gehiago behar dute munduko turbinak mugitzeko. Woolfek aipatu obraren akaberan idatzi zuen bezala, “esango nuke aurki egongo zaretela gure poetari aukera hori eskaintzek­o moduan. Irudipena baitaukat, ezen, beste ehun urtean bizi bagara —bizitza kolektiboa­z ari naiz, hori baita bizitza erreala, ez gizabanako gisa bizi ditugun bizitza bereizi txikiez—, eta gutako bakoitzak bostehun libera baldin baditu eta gela bat beretzat; askatasune­ra ohitzen bagara eta ausardia biltzen badugu pentsatzen dugun horixe idazteko (...) onartzen badugu ez dugula zeri heldurik, eta bakarrik gaudela, eta errealitat­earen munduareki­n dugula erlazioa, eta ez soilik gizonen eta emakumeen munduareki­n; orduan aukera hori iritsiko zaigu, eta Shakespear­eren arreba zen poeta hilak berriro jantziko du behin eta berriro erantzi behar izan duen gorputza”. ●

“Zaintza lanak eta bizitza erdigunean jartzea hil ala biziko kontua dugu”

ANA JAKA Idazlea

“Bakoitzak bere ardurak behar ditu, baina hauek ezin dira inposatu”

MIREN TIRAPU

Antzerkigi­lea

“Nire inguruan dauden emakume asko ikusten ditut bere lana bigarren lerro batean uzten”

MAITE MUTUBERRIA Ilustratza­ilea

“Ezinezkoa da imajinatze­a zenbat idazle handi geratu diren bidetik kanpo”

IZASKUN GRACIA

Poeta

 ??  ??
 ??  ??
 ??  ??
 ??  ??
 ??  ??

Newspapers in Spanish

Newspapers from Spain