Diario de Noticias (Spain)

Alferrekoa

- Enrike POR Diez de Ulzurrun

Soka luzea ekarri du Adaneroren semeari egindako erasoak. Hura Gaztelugib­elen gertatu zen, eta alkateak hasieran erran zuen inguru hartan ez zela segurtasun­ik herritarre­ndako, baina inguru hartan bakarrik. Gero, egunen joan-etorrian, arazoa puztu eta bertze munta bat eman nahi izan dio aferari, inork lagundu gabe iristen diren etorkin nerabeak behin eta berriz ituan jarrita. Horrek, jakina, boto olde handia ekarriko diolakoan edota azken bozetan eskuratuta­koei eusteko balioko diolakoan, ia gehiengo osoa erdiesteko adina boto bildu baitzituen. Hori ere ez dugu atzendu behar, hiria horrelakoa baita eta ez guk nahiko genukeen bezalakoa. Gainera, ez du deus eskaintzek­o, hau da, hiriburuko gobernu taldea erreka joa dago, ez dio deus onik ekarri hiriari, ezta boto-emaile eskuindarr­ei ere (euskararen kontrako neurriek eraginen zieten poz handiaz landara). Beti izan dira Iruñean segurtasun arazoak, handiagoak edo txikiagoak, belaunaldi bakoitzak ederki dakien bezala. Iraganeko kontuak dira Txantrea, Sanduzelai eta Motxuelo aldeko bandak eta makarra-taldeak. Zona Nazionalea­n, berriz, saldoka zebiltzan errege Kristoren gerrillari­ak lagun hurkoaren lepa-hezurra hausteko gogoz. Zaldi zuriaren atzaparret­an eroritako zenbaitek aise ateratzen zuten labana destenorez zokomoko ilunetan, dela Gaztelugib­elen, dela Takoneran, dela Alde Zaharrean. Auzo berean, kale borrokaren hondarreta­tik ateratako bizpahiru talde iskanbilat­su ibili ziren duela zenbait urte ukabilkada­ka bazterrak nahasten. Hortaz, gaur egun ere bada segurtasun arazorik. Hori ez da ukatu behar, baina puztu ere ez. Alkateak bere esku dauka udaleko gizarte zerbitzuak indartzea eta langile gehiagoz hornitzea. Polizia-bide hutsa alferrekoa baita. Eta, jakina, inork ez luke afera hori bere onura politikora­ko erabili behar. Hori ere alferreko desioa da, ordea. ●

 ?? ??

Newspapers in Spanish

Newspapers from Spain