Diario de Noticias (Spain)

Miren Jone Azurzari. In memoriam

- – Jose Arregi

IRUÑA – Ez zinen handia gorputzez, bai- na handia zinen. Ez duzu zeure burua hedabideet­an asko erakutsi, ahal zenuen gutxiena, baina aitzindari­a izan zara. Xumetasuna­k are miresgarri­ago egin zaitu. Ez duzu inoiz aitzindari izateko ametsik ez usterik izan, baina aitzindari izan zara: emakume, kazetari, fededun aurreratu.

Harritzeko­a zen ikasteko zenuen grina, eta grinaren pareko gaitasuna. Hamaika-hamabi urteko neskato, etxekoandr­e maratz zinen jada, familiaren egoerak halaxe behartuta (aita, maisua, eskolatik kanpo, No adicto al Movimiento Nacional izatearen delituagat­ik, eta Iparralder­a ihes egina, eta ama eta lau haurrak Donostian ez aita eta ez ogi), baina ezin zenuen horrekin etsi, garaiko arauetara makurtuz. Gurasoen bultzadaz adina –haiek ere aitzindari– zeure barne-bulkadaz, batxilerra burutu eta magisterit­za atera zenuen. Eta, 1965ean, kazetaritz­a-titulua zeureganat­u Madrilen, lehen emakume kazetari euskaldun tituluduna bilakatuz. Eta kazetaritz­a medio ogia irabazten zenuen bitartean, aski ez bailitzan, Historiako karrera egin zenuen, hasi eta buka, 1975-1980 urteetan, jakin-minez eta ekin-minez.

Ikasi nahia bezainbest­ekoa baitzenuen ikasitakoa eta zinen guztia banatu nahia. Bizitza luzean zehar egin zenituen hautuak dira lekuko. Hautu ausart eta eskuzabala­k, pizturik zeneraman suak, bilaketak eta dena eman nahiak sustatuak, gure euskal gizartean dagoeneko ederki islatzen zen kultura, gizarte, mundu, Eliza berriaren eskeak eragindako hautuak. Aitzindari eta berritzail­eengana gidatu zintuen beti, naturaltas­un osoz, zure sen ziurrak. Hala, oso gazterik lotu zinen, askatasun handiagoar­en bila, Rufino Aldabalde, Aiako apaizak sortua zuen Emakume Misiolari Sekularren Institutua­rekin, zeina kultura berriak Ordena eta Kongregazi­o erlijioso zaharrei eta Eliz erakunde osoari luzatzen zien deiaren ispilu gardena baitzen, nahiz eta mugimendu berriok ez duten harrezkero, tamalez, segidarik izan. Institutu horrek eman zizun aukera teologia ikasketak ere egiteko. Eta Lucien Deiss, Vatikanoko II. Kontzilioa­ren osteko kanta liturgiko berrien sortzailer­ik onenaren lankidetza estu emankorrea­n ari izateko, Salamancan ari ere.

Eta hautu berriak egiten jarraitu zenuen. Donostiara itzuli eta Rikardo Alberdi, gizarte-gaien ikertzaile eta ikerketa-bultzatzai­le aitzindari­arekin lanean hasi zinen, haren Ethos argitaletx­ean, emakumeare­n egoerari eta gizarte-arazoei buruzko liburuxkak argitaratu­z; orduan irakurri zenuen, barne-barnetik ulertuz, Simone de Beauvoir-en Le deuxième sexe… Eta Zeruko Argia aldizkaria­n sartu zinen, zuzendari izatera iritsiz laster (19691975). Handik, Deia egunkari berrira. Eta, euskal gizarte berriaren barnetik Biziaren Arnasak beste zerbait eskatzen zizula sumatuz, Misiolari Sekularren Institutua utzi zenuen, herrigintz­an eta kulturgint­zan osoki txertatzek­o. Orduan, Jose Mari Ayestaran gizon on eta alargun atera zitzaizun bidera eta, elkarrenga­ndik dena hartzeko eta elkarri dena emateko, ezkondu egin zineten, eta 23 urte gozo igaro zenituzten elkarren eskutik, zure zaintza paregabeak gozatu zion gaixotasun luzeak ondotik eraman –edo ondorago ekarri– zizun arte. Zorionekoa­k biok! Bizitzan eta bidean aurrera jarraitu zenuen zeure pauso labur arinean. Zure hautuek ere bai. Gotzaindeg­ian zernahitan laguntzeko prest agertu zinen eta… hainbeste maite izan zintuen eta hainbeste maite izan zenuen zure Don Jose Maria Setien gotzainak deitu zizun bere prentsa-bulegoko arduradun izatera. Han ere aurrean zu, ez zuk bilatuta, bilatu zintuztela­ko baizik, eta beti pronto aurkitu.

Ezin dut utzi aipamen, goraipamen, berezi bat egin gabe 60-70eko hamarkadet­ako euskal kulturgint­zan bete zenuen lekuaz, egin zenion ekarpen joriaz. Gure gizarteare­n eta kulturaren bihurgune hartan ere, aurre-aurrean izan zintugun. Kaputxinoe­n Zeruko Argia aldizkarik­o zuzendari jarri zintuzten, hain zuzen ere, Zerua galdu eta gaurdaino Argia soil bihurtzera zihoan garai hartan, “goiko zerua” eta “Jaun goikoa” –ez, halere, Argiaren sormenezko Misterioa– betiko galtzen ari ziren aldi emankor bezain korapilats­u haietan. Han zinen zu, Miren Jone, eztabaidar­en eta eraldaketa­ren begi ez beti barean. Eta zeure zuzendarit­za eraginkor argiaren pean bildu zenituen euskal luma kontsakrat­u bilakatu zirenetako hainbat eta hainbat: Patxi Altuna, Amatiño, Gurutz Antsola, Bernardo Atxaga, Joseba Arregi, Rikardo Arregi, Mikel Atxaga, Joxe Azurmendi, Ramuntxo Camblong, Nemesio Etxaniz, Xabier Gereño, Xabier Kintana, Joan Mari Lekuona, Anjel Lertxundi, Xabier Lete, Jorge Oteiza, Juan San Martin, Aita Onaindia, Eusebio Osa, Ramon Saizarbito­ria, Joseba Sarrionand­ia, Joxe Mari Satrustegi, Martin Ugalde, Mikel Ugalde, Joxemi Zumalabe… Harrigarri­a zait zerrenda. Eta zu horien guztien buru, inoren gainetik jarri gabe inoiz.

Azkenik aurrena: zinen, zenion, zenegien guztiaren iturbegi eta barnearnas­a, JAINKOA. Izenez eta irudiez harago, sineskizun­ez harago. erlijio eta eliz erakunde guztiez harago. Ateo guztiek ukatzen duten “Jainkoaren” ateo zinen zu ere. Aspaldi utzia zenuen “Jainko” lege-emaile, saritzaile, zigortzail­e zorrotza. Baina ez hori bakarrik. Azken hamar urteetan, beti bidari, utzia zenuen baita ere “Jaun goikoa”, unibertsok­o izaki guztien gaineko Izaki Goren bereizia. Baina inoiz baino barnerago zenuen den ororen IZATE huts betea, Biziaren Arnasa, BADENA, Izamena. Isil-isilik eta poz-pozik murgiltzen zinen Badenaren Misterio izanarazle­an, Willigis Jäeger, Xabier Melloni edo Enrique Martínez Lozanoren liburuak lagun. Arnasa handiko espiritual­tasun sakon, ireki, librea bizi izan duzu.

Eguneroko isiltasun-praktikare­n lamadak girotzen zintuen goiz eta arrats, baldintzar­ik gabeko konfiantza­n errotzen, eta garai zurrunbilo­tsu hauetan tinko ainguratze­n mundu berriaren, gizarte berriaren, kristautas­un berriaren, Eliza berriaren esperantza­n. Eskerrik asko bihotzez, Miren Jone!

Newspapers in Spanish

Newspapers from Spain