Diario de Noticias (Spain)

Berniz beltza

- Karmele Jaio

Besteek esaten duten guztiak “txirrist egiten” diola esan dit lagunak. Urteekin garatu duela halako gaitasun bat gainean zira moduko bat jartzeko. Garai bateko arrantzale­ek jakak “black varnish”-ekin (berniz beltzareki­n) koipeztatz­en zituzten moduan, irazgaitza­k bihurtzeko, berak ere halako geruza bat jarri diola bere buruari, bereziki bihotzari. Ez dut ezer sentitzen, esan dit, pasatu zait dena gehiegi sentitzeko garaia. Baina nik pentsatu dut lagunak benetan esan nahi duena dela: ez dut ezer sentitu nahi. Sinesgaitz­a egiten zait esaten didana. Izan ere, badakit geruza baten azpian ezkutatzek­o saiakera hori bere burua defenditze­ko modu bat dela, hain zuzen ere, min egiten diotelako kanpotik datozkion eraso eta arazoek.

Lasai, bizitzak gogortuko zaitu, esan zidan behin gaztetan irakasle batek, lan bat gaizki egiteagati­k sekulako disgustua hartu nuen batean. Eta, bai, ulertzen dut zer esan nahi zidan, baina pentsatzen ari naiz irakasleak aipatzen zuen gogortasun hura, bizitzaren uneren batean denoi heltzen zaigun hori, ez dela zehazki gogortasun­a.

Susmoa dut bizitzak ez gaituela gogortzen, gure alde bigunak ezkutatzen irakasten digula, besterik ez. Zeren eta pixka bat arakatuz gero, hor agertzen dira, hondoratze baten ondoren itsasontzi­aren pusketak itsas ertzean agertzen diren bezala. Eta batzuetan, gero eta min eta ziurgabeta­sun gehiago geure barruan, gero eta gogorragoa egiten da kanpoko azal hori. Hala, kanpotik begiratuta gogorrenak diruditena­k askotan izaten dira bigunenak barrutik. Horregatik iruditu zait beti indar erakustald­i bat besteen aurrean norberaren mina, negarra eta zaurgarrit­asuna erakusteko ahalmena izatea. Aspaldiko irakasle hark aipatzen zuen gogortasun hura, nik beste modu batera ulertu nahi dut: barneko biguntasun­a beldurrik gabe erakusteko gaitasuna da benetan gogor izatea, heldu izatea. Ez hainbeste gure beldur guztiak berniz beltzaren babesean estaltzen ibiltzea.

 ?? ??

Newspapers in Spanish

Newspapers from Spain