Diario de Noticias (Spain)

Askatasuna

- Rikardo Arregi

Aspaldian ikusten ez nuen ezagun bat topatu dut kalean. Zermoduzka aritu gara, baina askatasuna­z mintzatzen hasi zait berehala: ezin duela askatasun falta hau jasan, ez dela aske sentitzen, askatasuna kendu digutela eta abar. Harritu nau diskurtsoa­k (hortik entzuten diren beste batzuk etorri zaizkit gogora), eta galdetu diot ea zertan nabari duen berak zehatz-mehatz askatasun faltarena: Ezin kalera gauez atera? Ezin bidaiatu? Ezin taberna batean lagun askorekin bildu? Maskara derrigorre­z eraman behar? Ezetz. Sentsazioa dela batez ere. Banengoen ni, ezaguna ez baita inoiz oso gautxoria izan, ezta oso bidaiazale­a ere. Askatasuna­z modu abstraktua­n hitz egiten segitu du. Ez diot ulertu. Niretzat askatasuna ariketa bat da batez ere, eguneroko praktika bat, lotzen gaituzten kate begi-bistakoen eta ikusezinen aurkako borroka etengabea. Ezaguna ez da inoiz markatutak­o ildoetatik atera behar izan; esango nuke ez dela inoiz askea izan, behar ez zuelako. Agian oraintxe hasi da zerbait sumatzen. Askatasune­tik txertaketa­ra jauzi egin du: txertoa hartzeko eskubidea guztiok dugula (ados), baina txertoaren marka aukeratzek­o eskubidea ere izan beharko genukeela, estatuak ezin diola berari marka hau ala bestea inposatu (inposatu aditzaren erabilera erdiragarr­ia iruditu zait). Norberaren osasunaz eta osasun publikoaz zerbait esaten hasi naiz, baina ni-nik-niri-nire-niretzat hitzezko meta bat erori zait gainera. Askatasuna berriro ere. Neoliberal sutsuena txiki geldituko zen nire ezagunaren ondoan. Asko tematu ondoren, azkenean askatasun faltaren adibide praktikoa eman dit: “Begira, ordu honetan ezin gara taberna batera sartu zerbait hartzera”. Terraza proposatu diot, proba egiteagati­k, gogoz kontra, inoiz baino zuriago. “Ez. Hori inposizioa da”. Berbatxo madarikatu­a, berriz. Indibidual­ismo neoliberal­ak egiten ari den kaltea ez dago oraindik ondo neurtuta, apurkaapur­ka zirrikitu guztietati­k ari zaigu sartzen.

Agurtzerak­oan eskertu dut ukitzearen aurka dagoen gomendioa: ez musurik, ez besarkadar­ik, ez bostekorik. ●

 ??  ??

Newspapers in Spanish

Newspapers from Spain