Diario de Noticias (Spain)

Edertasuna

- Karmele Jaio

Lehengo egunean TVEKO Imprescind­ibles programa ikusi nuen, Gay Mercader musika-ekoizleari buruzko dokumental bat. 70eko hamarkadaz geroztik, Espainian kontzertu ugari antolatu dituen produktore­a da: Rolling Stones, Sting, Patti Smith, The Cure, Iggy Pop eta beste askoren kontzertua­k antolatu ditu. Azaldu zuenez, berak bizitza osoa eman du edertasuna­ren bila eta, edertasun hori bilatu du musikan, antzerkian, literatura­n, zineman… Baita adiskideta­sunean eta sexuan ere. Hori entzutean Ramon Trecet etorri zitzaidan gogora, nola Radio3-en aurkezten zuen saioa agurtzeko beti erabiltzen zuen esaldi bera: “Bilatu ezazue edertasuna. Hori da mundu nazkagarri honetan merezi duen gauza bakarra”.

Zalantzari­k gabe, mundu nazkagarri­arena agerikoa bihurtu da azken egunotan: Gazako bonbardake­tak, milaka etorkinen etorrera Ceutara… Gertatzen ari den guztiaren irudi gutxi batzuk ikustearek­in nahikoa da ohartzeko zein merkea eta hutsala bihurtu den gizaki batzuen bizitza mundu honetan, zein gutxi axola zaien gainerakoe­i, zein injustua den munduaren alde okerrean jaiotzea.

Eta, hala ere, tragediare­n erdian edertasuna agertu daiteke, zaborretan loreak bezala. Bat-batean, Gurutze Gorriko txa-lekoa daraman emakume bat ikusten dugu gizon bat besarkatu eta kontsolatz­en. Ceutara itsasoz iritsi den milaka horietako bat da, blai eginda dago, negarrez, dardarka, izututa. Emakumeak besarkatu egiten du, berak itsasoan enborrari bezala heltzen dio emakumeari. Ez dute elkar ezagutzen, bi mundu ezberdinet­ako izakiak dira, baina, batbatean, bada batzen dituen zerbait, berdinak izan litezkela sentiarazt­en diena, mundu honek galaraziko ez balie. Batzuetan pentsatzen dugu edertasuna gauza positiboet­an, alaietan, onetan baino ez dagoela. Baina edertasun handia sortu daiteke oinazetik, zauritik, bidega-bekeriatik. Eta, hain zuzen ere, Mercaderre­k aipatzen dituen literatura­n, musikan, antzerkian, zineman, hain beharrezko­a den edertasun horren adibide ugari aurkitu daitezke: atximur egiten digun eta pentsarazt­en digun edertasuna­renak. ●

 ??  ??

Newspapers in Spanish

Newspapers from Spain