Diario de Noticias (Spain)

Argiari begira

- Karmele Jaio

Durangoko azokan gertatu zen, duela urte asko. Bazkaltzet­ik gentozen zenbait idazle, haien artean Joan Mari Irigoien. Azokarantz gindoazen oinez, arratsalde­a standean igarotzeko asmoarekin. Ez dut gogoratzen zertaz ari ginen berbetan, baina, halako batean, Joan Mari eta biok isilik geratu ginen, atentzioa beste nonbaiten, etxebizitz­en atzeko aldean, urrunean, ikusten zen mendi tontorrean, hain zuzen ere. Zergatik? Ba egun ilun eta hodeitsu bat izanda ere, halako batean eguzkiak mendi haren gailurra argitu zuelako, tontorra bakarrik, argi ilunaren arteko kontraste ezin ederragoa sortuz. Eta besteek berbetan jarraitu bitartean, gu edertasun hark harrapatut­a eta liluratuta geratu ginen. Segundo batzuk iraun zuen mirariak, gero berriz ilundu zen tontorra. Zuk ere ikusi duzu?, galdetu zidan Joan Marik, hara begira nengoela konturatut­a, eta nik irribarre konplize batekin erantzun nion. Ordutik, beti gogoratu izan dugu elkarrekin bizitako momentu hura hitz egiteko aukera izan dugunean edo elkarri idatzi diogunean. Ba azkeneko Durangoko azokan, autoa aparkatu eta Landakorak­o bidean oinez nindoala, halako batean, etxebizitz­en atzean han agertu zitzaidan begien aurrean mendi-tontorra. Orduan ere eguzkiak jotzen zion, baina ez egun hartan bezain eder. Hala ere, argazkia egin nion eta Joan Mariri bidali. Gu beti argiari begira, erantzun zidan.

Aste honetan maite nituen bi pertsona hil dira eta biak izan dira “beti argiari begira” bizi izan direnak. Altzako Joan Mari izan da horietako bat, bestea, Lekeitioko Mirari. Eta haien galerak sortzen didan tristurare­n gainetik, poza sentitzen dut sumatzean zelako alaitasun arrastoa utzi duten biek ingurukoen artean. Izan ere, biek izan dute ahalmen izugarria egoera ilun eta beltzenare­n aurrean, argiztatut­ako tontor bat ikusteko beti. Sekulako dohaina da bizi-poza, umorea, begirada argia mantentzen jakitea, egun ilunenean ere argia ikusteko ahalmena izatea. Lezio hori eman digute. Beti gogoratuko zaitut mendi tontor eguzkitsua­ri begira, Joan Mari. Beti gogoratuko zaituztet biak argiari begira.฀●

 ?? ??

Newspapers in Spanish

Newspapers from Spain