Mundo Deportivo (Gipuzkoa)

Ziabogaz ziaboga

NADETH AGIRRE “San Juanen pare ibiltzea da gure helburua eta salto hori emateko gai garela uste dut”

-

Orioko patroia da Nadeth Agirre (Orio, 1993) eta ontzia “indartsu” ikusten du Portugalet­eko bandera irabazi berritan: “Bloke handi batek jarraitu du, hiruzpalau arraunlari­k utzi dute eta beste hiruzpalau etorri dira. Jende aldetik ondo gabiltza eta hori garrantzit­sua da norbait lesionatze­n bada aldaketak egiteko batez ere”, adierazi du.

Ez dira orain arte eman duten maila mantentzea­rekin konformatz­en, helburua “gora egitea” da Agirreren esanetan: “Badakigu San Juan dela azken urteetan puntan ibili dena eta gure asmoa eurengana iristea da. Salto hori emateko gai garela uste dut”, azpimarrat­u du oriotarrak. Aurre-denboraldi­an Euskadiko Trainerila Txapelketa irabazita erakutsia dute zertarako gai diren: “Geroz eta gertuago eta gogo gehiagorek­in gaude, motibazioa sortzen du horrek”, onartu du.

Pixkanaka badatoz ate-joka Kantauri Itsasoko hitzordu garrantzit­suenak, hamar egun barru Euskotren Ligara sartzeko sailkatze estropadak dituzte Sestaon eta Zierbenan. Ezinbestek­oa da oriotarren­tzat txartela lortzea, “garbi daukagu hor egon behar dugula”. San Juango batelerak ikusten ditu arerio nagusi banderen borrokan ibiltzeko: “Akatsik egiten ez duena edo akats gutxien egiten dituena irtengo da garaile”. Hibaikak koska bat behera egin duela nabari du: “Baja asko izan dituzte eta trainerua jende gazteareki­n osatu dute, urte batzuk beharko dituzte berriro mailarik onenera iristeko”, egin du iazko bi aurkari nagusien analisia.

Berritasun nagusi bat ere badakar aurtengoak, Euskotrene­n azpian kokatuko den ETE (Emakumeen Traineru Elkartea) Ligaren sorrera. Nobedade “positiboa” izango dela pentsatzen du emakumezko­en arraunaren­tzat: “Gipuzkoako Ligarekin erreta geunden, estropada batzuk betelana egiteko soilik zeuden eta ez ziren kalitatezk­oak. Egoerari buelta eman nahian, denboraldi bukaeran elkartu eta zerbait egitea posible ote zen hausnartze­n hasi ginen. Ideia ezberdinak planteatu ziren eta guk klub bezala garbi geneukan bi liga behar genituela traineru guztiak ez gaudelako maila berean”, azaldu du.

Hamalau jardunaldi­ak amaituta, igoera eta jaitsiera play-offak jokatuko dira bi ligen artean: “Antzeko estropada kopurua edukita aukera berdintasu­na izatea da asmoa”, dio Agirrek. Zortzi urte daramatza ontziko patroi eta fase ezberdinak, denetariko egoerak bizi izan ditu 2010ean lehenengoz Oriok ontzia uretaratu zuenetik: “Urtetik urtera egoera aldatzen joan da eta ikusten dugu geroz eta hobeto gaudela eta geroz eta gehiago eskatzen diogula bakoitzak geure buruari, zentzu guztietan”.

Kirol aroan ere exijentzia gorena da, astean sei egunetan ateratzen dira uretara eta jaiegun bakarra daukate: “Balore mordoa irakatsi dit arraunak, taldeareki­ko konpromiso­a eta sakrifizio­a besteak beste”. Ametsek prezio bat izaten baitute normalean: “Kontxako Bandera irabazi nahi nuke erretiratu aurretik, Liga irabaztea ere sekulakoa litzateke, baina oriotarra izanda guretzat Kontxa, Kontxa da”.

Ametsak lortzeko bide horretan, lanean jarraituko du ziabogaz ziaboga kirola, lana, eta ikasketak uztartuz: “Haur Hezkuntza titulua daukat, herrian ludotekan eta Gaztelekua­n egiten dut lan eta orain online ikasten ere banabil. Sekula ez dut trabarik izan arraun mundua eta ikasketak uztartzeko, ondo moldatzen naiz”, dio 25 urteko gazteak.

Noizbait bukatu egingo da ordea kirol ibilbidea eta ideiak argi dauzka momentua heltzen denerako: “Traineruak jarraitu behar badu, gustatuko litzaidake herriko neska bat izatea patroi. Ea atzetik baten bat datorren”

 ?? ARGAZKIA: UNCITI ?? Nadeth Agirre da Orioko patroia 2010ean emakumezko­en trainerua sortu zutenetik
ARGAZKIA: UNCITI Nadeth Agirre da Orioko patroia 2010ean emakumezko­en trainerua sortu zutenetik

Newspapers in Spanish

Newspapers from Spain